EGITASMOAREN NONDIK NORAKOAK
METODOLOGIA
Proposamen hau, sekuentzia didaktikoetan oinarritutako tresna digitala izango da. Helburua euskarazko IKTen bitartez ikasleen konpetentzia musikala garatzea dela kontuan izanda, aproposa ikusten dugu jarduerak metodologia kooperatibokoak izatea. Horrela ba, proposamena online eskuragarri egongo den euskarazko material didaktikoa izango da, sekuentzia didaktikoetan, metodologia kooperatiboan oinarrituta.
Sekuentzia didaktikoa, proposamen pedagogiko eta jarduerak biltzen dituen hurrenkera da, zenbait eduki eta ekintza harikatuz. Horrela ba, edukiak eta jarduerak elkarrekin lotuta egotea nahi dugu, izan ere, musikak duen berezitasun bat hori baita, teoria eta praktika uztartzen dituela (eta gainera elkarren beharra dutela). Horrela ba, saio bakoitzean musika estilo ezberdinei buruzko informazioa landuko da baliabide musikatuen bitartez, bertako doinu, musika egiteko elementu desberdinak jorratuz, eta, ondoren elementu hauek baliatuz abestiak “imitatzea” eskatuko zaie. Prozesu guzti honetan, dantza ezinbesteko osagarria izango da, musika ikaste prozesuan oinarrizkoa baita.
Ikaste prozesu guzti honetan zehar, ikasleen parte-hartze aktiboa eta ikaskuntza esanguratsua funtsezkoak izango dira, ikasleen araberakoa izango baita ikaskuntza prozesu egokia den edota baita demoaren arrakasta. Hein horretarako IK-KI programak (“Ikasteko Kooperatu- Kooperatzen Ikasi”) eskaintzen dituen dinamikez eta tresnez baliatuko gara, hala nola kantuen konposizioan arkatzak erdira dinamika erabilita. IK-KI programak gaur egun, hezkuntzak bizi dugun gizarte honek aurkeztutako erronkei erantzuteko sortu izan den metodologia inklusiboa, aktibo eta kooperatzailea da.
Bukatzeko aipatu, proposamena ikasleen garapen- eta ikaskuntza-prozesuak errespetatzeko diseinatu dela. Gainera, tresna digitalari hainbat irisgarritasuneko aukera erantzi zaizkio, ikasgelan inklusitibitatea mantentze asmoz. Baita euskal ikastetxeetan dagoen aniztasuna kontuan izanda, hizkuntza erregistroa ikasleen mailara moldatu da.
JARDUEREN ETA GAIEN SEKUENTZIA
Aurkeztuko den musika material honetan munduari bira musikal bat proposatuko da, 9-11 urte bitarteko neska-mutilentzat. Horregatik funtsezkoa da tresna erakargarria, didaktikoa eta era berean ludikoa izatea.
Halaber, proposamena osatzen duten bost sekuentzia didaktikoak berdin egingo dira, garapeneko atalean zeinbait ezberdintasun izanda. Sekuentzia didaktikoek oinarrizko egitura hau jarraituko dute:
A) Ariketaren aurkezpena eta sarrerako abestia
Lehendabizi, saioetan zehar zer egingo den azalduko zaie ikasleei, hots, musika estilo ezberdinak eta hainbat musika exekuzio ezagutuko ditugula adieraziko zaie.
B) Beroketa jarduerak
Unitateari hasiera emateko ikasleen estilo horretako musikari buruzko aurre-ezagutzak ezagutu nahiko dira. Horretarako IK-KI Programako “1-2-4” egituraren moldaketa erabili ahalko da, galderen ulermena aztertu ordez beraien aurre-ezagutzak idazteko.
C) Garapena
Behin ikasleek dakitena ezagututa, atal honetan, musika estiloak eta hauek produzitzeko modu ezberdinak izango dira protagonista. Horretarako, musika estilo bakoitzeko egitura berdina errepikatuko da: lehendabizi, tokatzen den estiloaren istorioa azalduko da, azalpen labur gisa; ondoren, abestiak entzuten hasiko dira, bertako atal ezberdinak landuaz. Segituan, abesti bakoitza lantzeko erabilitako produkzio mota aztertuko dute (ahotsa, ahotsa eta mugimendua, gorputz perkusioa, instrumentuak, zeinu hizkuntza edo dantza); ondoren, beraiek egin beharko dute ikusi duten abestiaren erreprodukzioa, egokitzen zaien moldaketekin.
Hau egiteko proposamena bi eratakoa izan daiteke. Lehenengoa guztiek abesti denak egitea, baina honetarako denbora gehiago behar da. Bigarren aukera, talde bakoitzak abesti bat lantzea da, ondoren gelakideei azaltzeko egin dutena, abestiaren jatorria eta produkzio modua.
D) Mahai ingurua
Oraingoan, ikasleei beraien bizipenetan edota ideietan oinarritutako hausnarketa tartea irekiko da, barne-begirada gisa.
E) Amaierako jarduerak
Eduki guztien amaieran eta lasaitasunera buelta egiteko ikasleei amaiera musika desberdinak hautatzeko aukera emango zaie.
HELBURU OROKORRAK ETA ESPEZIFIKOAK
Helburu orokorrak
Euskarazko IKT baliabideak erabiliz, ikasleen konpetentzia musikala garatzea.
Helburu espezifikoak
- Haurren garapen kognitiborako musika erabili
- Jolastuz eta sormena garatuz, hazi eta hezi.
- Taldeko lana sustatu eta jorratu.
- IKT baliabideen erabilpenean trebatu.
- Euskadiko kultura musikala ezagutzen lagundu.
- Mundu mailako musika estilo ezberdinak ezagutzea.
- Musika egiteko aukera ezberdinak lantzea.
Aurrez aipatutako helburu espezifikoez gain, sormena, musika- espresioa eta interpretazioari eta entzumen musikalari erreparatuz gero, helburu espezifikoagoak landu daitezke:
- Sormena, musika- espresioa eta interpretazioari dagokienez:
- Ahotsa, gorputzaren perkusioa eta musika-tresnak erabiltzea.
- Euskal kultura-ondareko eta beste kultura batzuetako abesti-errepertorio zabala, mota eta estilo askotarikoa, eskuratzea.
- Ahotsa, gorputza eta musika-tresnak zaintzeko ohiturak hartzea.
- Musika konbentzio-zeinuen bidez adieraztea: pentagrama, notak, figura eta isiluneak, sol klabea, konpasa, etab.
- Orff instrumentarium-erako instrumentazio xumeak interpretatzea.
- Euskal Herriko eta beste kultura eta garai askotako ahotsezko piezak eta pieza instrumentalak interpretatzea, akonpainamenduarekin eta akonpainamendurik gabe.
- Inprobisazioa baliatzea ahotsarekin, musika-tresnekin eta gorputzarekin, musika estimuluei eta bestelako estimuluei erantzuteko.
- Ikus-entzunezko bitartekoak eta baliabide informatikoak erabiltzea musika-piezak sortzeko, irudiei eta errepresentazio dramatikoei soinua jartzeko eta ikasgelan interpretatutako musika grabatzeko.
- Musika eta dantza balioestea, herrien kultura-ondarearen osagai diren aldetik.
- Musika sortzean, jarrera saiatua eta aurrera eta hobera egiteko borondatea izatea.
- Interesa eta ardura izatea interpretatzeko eta sortzeko jardueretan.
- Entzumen musikala lantzeari dagokionez:
- Inguruneko soinuak ikertzea eta zaratak eta kontaminazio akustikoa hautematea.
- Eraso akustikoekiko jarrera kritikoa izatea eta gogoz lan egitea eraso horiek murriztu eta norberaren eta taldearen ongizatea handituz.
- Adierazpen musikaleko kode konbentzionala ulertzea eta haren oinarrizko erabilera egitea.
- Musika-mintzairako tresnak erabiltzea obra xumeak aztertzeko.
- Adi entzutea estilo eta kultura askotako musika-konposizioak, Euskal Herrikoak eta beste herrialdeetakoak, eta haien ezaugarri bereizgarri batzuk ezagutzea.
- Tresnen eta ahotsen sonoritateak hauteman eta horiek guztiak tresnen eta/edo ahotsen taldekatze askotarikoetan lotzea.
- Iturri askotan bilatzea musika-tresnei, konpositoreei, interpreteei, musika-ekitaldiei eta musikaren funtzioen eta erabilerei buruzko informazioa.
- Entzunaldietan eta bestelako musika-emanaldietan izan behar diren portaera- arauak ezagutu eta betetzea.
- Estilo, konpositore, garai eta kultura askotako musika-obrak balioestea eta haiek entzunez gozatzea.